LEKUAKHasiera batean eszenatokirik eta fokurik gabe, gaur egun SL bihurtua

Hasiera batean eszenatokirik eta fokurik gabe, gaur egun SL bihurtua

Hell Dorado aretoa rocka maite duten gasteiztar gazte talde batek bultzatua jarri zen martxan duela 19 urte. Gaur egun, 400 bazkide baino gehiago dituen aretoaren ibilbidea errepasatzeko elkartu gara Juan Uriarte lokalaren arduradunarekin

Juan Uriarte, Hell Doradoko arduraduna./ Yone Estivariz

2000. urtea zen, eta Iñaki Urbizuk, Jimmy Rz de Loizagak, Ernesto Garciak eta Juan Uriartek, kontzertuak ikusteko hiritik kanpora atera behar izateaz neka eginda, Hell Dorado elkartea sortzea erabaki zuten. Urtebete geroago, Venta de la Estrellako lokala eskuratu, eta pixkanaka beren kontzertu-areto propioa muntatzen joan ziren, beraientzat eta lehen urte hartan haien alde egin zuten 600 bazkide baino gehiagorentzat. 

2001eko urriaren 26an, eszenatokirik gabe eta ia fokurik gabe, lokala bete egin zen ‘Sex Museum’ ikusteko. Lehen kontzertu haren ostean, 2.800 talde baino gehiago igo dira Hell Doradoko taulara, tartean, The Dap Kings, Johnny Kidd & The Pirates, Dick Dale eta Rolling Stones taldearen Keith Richard. 

Go Gasteiz Kulturak Juan Uriarte aretoko arduradunarekin hitz egin du Hell Doradoren ibilbideaz eta elkarteak duen lan egiteko moduaz. 

Zein zen egoera Gasteizen 2001ean Hell Dorado sortzea erabaki zenean? Nola sortu zen ideia? 

Urte hartan ez zegoen kontzertu aretorik Gasteizen, ‘El Tapioca’ izena zuen lokal txiki bat baino ez. Pub handi bat zen, non kontzertuak egiten ziren, baina ez zituen horiek egiteko baldintzak betetzen, ez soinuagatik, ezta agertokiagatik ere. Gaztetxea ere hor zegoen. Lau lagun musikari bildu ginen, Gasteiztik kanpora kontzertuetara joateko bidaiatzeaz nekatuta. Kultur elkarte bat sortzea erabaki genuen. Lokal bat hartu eta gure talde gustukoenak ekartzen hasi ginen. 

Zergatik egin zenuten kultur elkarte baten aldeko apustua? Nolakoa izan zen elkartea muntatzeko prozesua? 

Enpresa bat muntatzeko dirurik ez genuenez, hori zen IFK bat eduki ahal izateko formula legala. Hutsetik hasi ginen, ideiarik ere izan gabe. Lokala guk eraiki genuen gure eskuekin, oso lokal zaharra zen, beraz, ahal genuen bezala egiten genuen. Hasieran ez genuen argirik ere eszenatokian, eta aurrera egiten genuen heinean, gauzak erosten eta hobetzen joan ginen. Oso prozesu motela izan zen, eta ikasketa oso luzekoa. Gasteizen kontzertu aretorik ez zegoenez, ez genuen arazo handirik izan, inork ez baitzizun esan esaten zein gaizki egiten zenuen, mundu guztiari dena zoragarria iruditzen zitzaion.

David Marks Hell Doradon./Hell Dorado

Zein zailtasunekin aurkitu zineten proiektua aurrera ateratzeko? 

Asko eta askorekin. Lehenik Udalaren aldetik, ez zutelako ondo ulertzen zer egin nahi genuen, nahiz eta azkenean egiten utzi ziguten. Gero publikoarekin, sarrera bat ordaindu behar zutela ulertaraztea kostatu zitzaigun. Baina oso prozesu polita izan zen, denok borondate hutsez egiten genuelako lan eta proiektuak asko motibatzen gintuelako. Baliabiderik gabe baina ilusio handiz, pixkanaka, txoko bat egin eta aurrera ateratzea lortu genuan. 

Jada ez zarete kultur elkarte bat, orain SL bat zarete, zergatik aldaketa hori? 

Aldaketa joan den irailean gertatu zen, Aldundiak sozietateen gaineko zerga eskatu zigulako, eta hori da irabaziak lortzen dituzten enpresek ordaintzen duten zerga. Une horretatik aurrera ez du kultur elkarte bat izateko arrazoirik. Gainera, hasieran jendeak borondate hutsez eta lan-harremanik gabe lan egiten bazuen ere, badira iada urte batzuk gizarte-segurantzan alta emanda dauden hainbat langile ditugula. Honek enpresa baten gero eta antz handiagoa zuenez, aldaketa hori egitea erabaki genuen. 

Zure ustez, zein izan da bazkideen laguntzaren garrantzia? Uste duzu haiek gabe aretoak irekita jarraituko lukeela? 

Urte askoan oso garrantzitsuak izan dira existitu ahal izateko eta aurrera jarraitzeko. Duela urte batzuetatik hona, aretoak izen handia duenez eta Espainia osoan eta atzerrian ezagutzen gaituztenez, uste dut haiek gabe iraun genezakeela, baina laguntza handia izaten jarraitzen dute. Alde batetik, alde ekonomikoki; aurreratzen diguten dirua da, eta, gero, sarrera eta kontsumizio moduan berreskuratzen dute, baina, era berean, oso garrantzitsua da atzean gizarte-oinarri bat izatea, babesa ematen dizun jendea eta etxekoa sentitzen dena. 

Fred Wesley 2016an./Hell Dorado

Harpidedunen babesaz gain, ba al duzue erakundeen aldetik laguntza ekonomikorik? 

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak Zuzen Zuzenean izeneko programa bat du, euskal taldeei emandako laguntza da, eta kontzertu aretoen bidez banatzen da. Areto bakoitzari diru kopuru bat ematen zaio, eta diru hori euskal taldeak kontratatzeko erabiltzen da; ez da aretoarentzat dirua, berez. Gasteizko Udaletik eta Arabako Foru Aldunditik ez daukagu inolako laguntzarik. 

Zuek zuen espaziora dakarzuen moduko musika zabaltzeko, inbertsio pribatua beharrezkoa al da edo uste duzu erakundeek ere babestu beharko lituzketela horrelako espazioak?

Uste dut beharrezkoa dela hiriaren oinarrizko kulturaren alde egitea, musika dela, antzerkia dela, dantza, argazkigintza edo film laburrak, besteak beste. Hell Doradok prestakuntza tailerrak edo kontzertuak proposatu ditu emakume taldeekin, beste jarduera batzuen artean, baina beti ukatzen zaizkigu laguntzak, aurrekontu faltagatik. Dirua badute Azkena bezalako ekitaldi handietarako, eta oso ondo dago hori babestea, baina akatsa da Kultura Sailetik egitea; izan ere, jaialdiko emaitzak ateratzen dituztenean, inoiz ez dituzte adierazgarri kulturalak erabiltzen, ekonomikoak baizik. Inork ez du musikaz hitz egiten Jazzaldia epaitzen dutenean, etorrera ekonomikoaz hitz egiten dute. Beraz, Sustapen Ekonomikotik lagundu beharko litzateke, ez Kulturatik.  Gasteizek gaztetasunaren eferbeszentzia du, eta hori galtzen ari da, laguntza faltagatik. Entseguak egiteko lokal asko daude, lagundu beharreko taldeak. Horrek erakarriko luke hiritik kanpoko jendea hemen bizitzera etortzea, eta aukera hori galtzen ari gara. 

Zenbat bazkide dituzue gaur egun? Nolakoa izan da bilakaera hori? 

Oraintxe bertan 400 abonatu baino gehiago ditugu. Lehenengo urtean boom-a izan zen, 600 baino gehiago ginen. Gero gauzak behera egin zuen, eta urte asko egon ginen 300 inguru. 5 urte dira 430-470 abonatu inguru ditugula.

Freedonia taldearen kontzertua./Hell Dorado

Aretoak ia 20 urte ditu, hirian rock aretorik ez zegoenean jaio zen, baina orain eskaintza zabalagoa da. Publiko gazteena ere abonatua egiten al da? Zein da bazkideen profila? 

Aretora datorren jendearen adina 30 urtetik gorakoa da. Oro har, musikaz zertxobait jakitea eskatzen duten banda ‘bereziak’ kontratatzen ditugu. Gazteak ‘La Polla Records’ entzuten hasten dira eta benetako punk taldeetara hurbilduko dira; orduan etorriko dira hona ‘Radio Birdman’ edo beste talde batzuk ikustera. Gainera, haurrek aisialdirako aukera ugari dituzte eta gero eta musika eskaintza handiagoa dago. Jendea gazte izateari uzten doan heinean, hona etortzen hasten dira, eta beste musika eta banda mota bat deskubritzen dute. Era berean, publikoari ondo trata dakiokeela ere deskubritzen dute, ez merkantzia soil gisa. Handiagoa zarenean pixka bat erosoagoak diren beste lokal batzuetara joaten hasten zara. 

Zer abantaila ditu abonatua izateak? Zer bazkide mota daude?

Abonatua izatea crowdfunding mota bat da. Dirua aurreratzen digute, baina gero sarrera eta kontsumizio gisa berreskuratzen dute. Hiru harpidedun mota daude: Classicus, urtean 63 euro ordaintzen dituena eta sarreretan deskontuak eta sarrera bakoitzarekin kontsumizioak dituena; gero, Infernus dago, 94 euro ordaintzen dituena eta urtean hiru sarrera ditu doan, gehi Classicusen abantailak; eta azkenik, Doratus, urtean 155 euro eta sei sarrera doan eta Classicusen abantailak.

Juan Uriarte, Hell Doradoko arduraduna./ Yone Estivariz

Orain abonatu esaten zaie, baina orain dela gutxi arte bazkide zineten, zein da barne funtzionamendua? Nola hartzen dira erabakiak?

Hiru pertsona gara bulegoan; bata administrazio eta kontabilitate gaiaz arduratzen da, bestea web orriaz eta abonatuen kudeaketaz, lan handia baita; eta hirugarrena ekoizpen artistikoaz eta sare sozialez. Gero ni nago, zuzendaritza eta kontratazioa daramadana. Erabakiak nik hartzen ditut normalean, eta batzuetan lagunekin edo abonatuekin kontsultatzen ditut, Hell Doradon lan egiten ez badute ere. 

Nola programatzen da Hell Doradon? Zein dira kontzertuak aukeratzeko irizpide estilistikoak? 

Gustuko dugun estiloaren alde egiten dugu, hala nola rock and roll, punk, soul, rhythm & blues, garage, hard rock eta abarren alde, zerbait emateko duten eta publikoaren erantzuna izan dezaketen bandak. Oso jende potentea ekarri dugu eta ez da inor etorri haiek ikustera; horrek hondamendi ekonomikoa dakar, eta benetan gaizki pasatzen duzu. Gaur egun, taldea interesgarria izatea eta publikoaren erantzuna izatea uztartzen saiatzen gara. Gero eta apustu txikiagoa egiten dugu talde txikien alde; izan ere, gutxi kobratzen etortzen diren arren, oso jende gutxi etortzen da haiek ikustera.

Musikaz asko dakiten ingelesak kopiatu beharko genituzke. Beatles, Rolling Stones, Iron Maiden eta Motorhead bezalako talde handi guztiak, Ingalaterrara milioika libera ekarri dituztenak, taberna txikietan jotzen hasi ziren, areto ertainetara pasa ziren, eta, ondoren, handietara, mundu mailan ezagunak ziren banda bihurtu arte. Taberna horiek existituko ez balira, taldeak ezingo lirateke inon jotzen hasi. Ingalaterran taberna horiek guztiak diruz lagunduta daude, hirirako funtsezko interesekotzat jotzen dituztelako.

James Hunter gasteizko aretoan./ Sergio Martín

Beste areto batzuekin sinergiak dituzue kontzertuak programatzeko? 

Garai batzuk izan dira 19 urte hauetan Bilboko Antzokiarekin eta Donostiako edo baita Santanderreko aretoren batekin ere lan egin dugunak talderen bat ekartzeko. Gaur egun ez dugu behar. Dagoeneko birak muntatuta dituzten sustatzaileekin lan egiten dugu, eta bestela, managerra bera arduratzen da inguruko hirietan beste bolotxo batzuk bilatzeaz. 

Zenbat talde igaro dira denbora honetan guztian Hell Doradotik? Ba al da bereziki gogoratzen duzun talderen bat, Hell Doradotik pasatu zenean hain ezaguna ez zena eta orain ekartzea ezinezkoa litzatekeena? 

2.850 talde pasatu dira denbora honetan guztian Hell Doradotik. Hemen izan da Sharon Jones The Dap Kingsekin adibidez, gero ultra famatu egin zena, munduko soul abeslari onena. Hil zenean, mundu guztiak Hell Doradon ikusi zuela esaten zuen, errealitatean 90 pertsona baino ez zirenean etorri eta milaka euro batzuk galdu genituenean. Johnny Kidd & The Pirates ere izan dira, Rolling Stones taldeko Keith Richard, Who taldeko Pete Townshend edo Dick Dale. Nazio mailan, Fuel Fandango edo Los Ilegales izan ditugu.

Sex Museum Hell Doradon. Sergio Martín

Zer harreman duzue Gasteizko taldeekin?

Gaur egun gazteenengandik urruntzen ari gara adinagatik. Serioski ibiltzen hasten diren eta kontatzeko zerbait duten taldeek, hemen jotzen dute. Duela egun batzuk The Dealers taldeak jo zuen, Cynics-en teloneroak, garage taldeei dagokienez nazioartean dagoen onena. Noizbait ekarri izan dugu bertako bandaren bat, hasten ari diren horietako bat, beste talde baten telonero gisa, baina jendea hitz egiten hasten da, erretzera ateratzen dira, eta baten bat kexatu egin izan zait, agian maila ez zutelakoan. Zaila da. Hori dela eta, Go Gasteiz Go proiektua hasi dugu, maila bereko tokiko taldeek aretoan jotzeko aukera izan dezaten.

Gaur egun, hirian, rockaren esparruan zer nabarmenduko zenuke?

Uste dut oraingo gazteek dena dutela eskura. Ni gaztea nintzenean, nahikoa lan genuen entseatu ahal izateko, lokal bat utz ziezaguten. Orain jada ez da horrela. Musika bor-bor jartzeko mugimendua egon behar da, gazte haserretuak zerbait egin nahian. Dena eskura dutenez, ez da ezer gertatzen, ez dago musika mugimendurik.

Bazkideen bitartez finantzatzeko ideia beste kultura-sektore batzuetara estrapolatu daiteke?

Noski, oso ideia ona da, askea egiten zaitu, burujabea. Euskadin oso kooperatibistak izan gara beti, elkarlanean aritzekoak eta denon artean gauzak egitekoak. Hell Dorado horren proba da, bazkideengatik ez balitz ez ginatekeen existituko. Gertatzen dena da jendea asoziazionismoaren gaiarekin nahastuta dagoela, mundu guztiak agindu nahi duelako, lobbyak sortzen dira barruan, eta abar. Gauzak oso argi eduki behar dira, eta ez hortik bizi nahi izan. Guk lan paraleloak izan ditugu beti, eta orain, 19 urte geroago, horretan bakarrik jardun dezakegu.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar