“Gasteizko gune batzuk oso lan garrantzitsua egiten ari dira jazzaren hedapenean”

Adrián Fernández gitarra-jotzaile eta konpositore gasteiztarra ezagutu dugu; Jazz uhinak programan parte hartu ondoren, bere hurrengo diskorako abestiak konposatzen jarraitzen du

Adrian Fernandez (Gasteiz, 1995) arabako gitarrista eta musikagilea da. 11 urte zituela, gitarra autodidakta modura jotzen hasi zen, “hasieran hobby bat zen. Saltseatzen hasi nintzen, eta pixkanaka konturatu nintzen benetan betetzen ninduen zerbait zela”. 16 urterekin konturatu zen musikara bideratu nahi zuela bere burua, eta “hori nire ogibidea izateko modua bilatu behar nuela”.

‘Desnudos de Etiquetas’ lehiaketa nazionalean finalista geratu ondoren, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan hasi zituen ikasketak. ‘Jazz gitarra interpretazioa’ espezialitatean ohorezko matrikula lortu zuen, karrera amaierako saria jasotzeaz gain.

Duela bi urte bere lehen diskoa argitaratu zuen, ‘Urjauzia’, Iñigo Ruiz de Gordejuelarekin batera, eta horrekin lortu zuten 2017ko diskorik onenaren BBK saria, egungo doinuak, antzinako abestiak eta jazzaren eta inprobisazioaren alorreko konposizio berriak uztartzen dituen musika-proiektua. Euskal jazz gaztea elikatzen hasiko den bizigarri berriaren aurkezpen txartel bat.