Gasteiz-Los Angeles Leire Baztarrica argazkilariarekin

Izarren hiriraino joan gara, non Leirek leku bat egitea lortu baitu publizitate-argazkigintzaren alorrean; besteak beste, Will Smith aktorearen seme Jaden Smith du bezero

Leire Baztarrica

Duela urte batzuk haren ustez 2020an non egongo zen galdetu izan baliote Leire Baztarricari, ez zuen inola ere erantzungo Los Angelesen arituko zela publizitate-argazkilari. Irudiaren munduarekiko grina duela 10 urte eskas piztu zitzaion, kasualitatez, Gasteizen modelo lanetan hasi zenean. “Orduan ezagutu nuen argazkigintza, eta kameraren atzean jartzera eta erretratuak eta bidaia-argazkiak egiten saiatzera animatu nintzen”, azaldu digu.

Arte Ederrak ikasi zituen EHUn, eta argazkigintzaren sekretuak, bere kabuz. Unibertsitateko azken urtean Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentrora joan zen beka bati esker, eta han neoizko argiei buruzko proiektu bat garatu zuen.

Bertan ezagutu zuen orain senar duena. “Gasteizen ez nion etorkizun handirik ikusten argazkigintzaren kontu honi, beraz, harekin Los Angelesera joatea erabaki nuen. Ezkondu eta lan-baimena lortu nuen. Duela hiru urte izan zen hori”, kontatu digu.

Lehenengo kontaktuak Los Angelesen

Mundu horretan leku bat egitea ez zaio erraza gertatu. “Iritsi nintzenean ez nuen inor ezagutzen, eta ez nuen inbertitzeko dirurik. Sare sozialetan mugitzen hasi nintzen, e-postak bidaltzen, ate askotan jotzen… eta lehen kontaktuak iritsi ziren”, dio. Hori dena autorik gabe, Los Angeles bezalako hiri batean mugitzeko ezinbestekoa bada ere. Poliki-poliki bezero zerrenda osatzen joan da, eta dagoeneko ez du bilatzen jarraitu behar: “haiek deitzen didate orain”.

Artista, influencer eta musikarien erretratuak egiten ditu. Orobat, produktuen argazki ugari egiten ditu markentzat. Bezero garrantzitsuenetako bat, azken urtean harentzat egin baitu lan, Jaden Smith du. Gaztea ur ekologikoaren marka baten jabea da (Just Water) eta Leire arduratu da publizitate argazkiak egiteaz. “Marka txikiagoekin ere egiten dut lan, asko marihuanarekin lotutakoak, Kalifornian legezkoa baita”, kontatu digu.

Gasteizetik kanpo zenbait urte eman baditu ere, Leire ez da ohitu familia eta lagunengandik aldentzen dituen distantziara. “Zaila da pentsatzea ezin zarela ordu gutxi batzuetan etxera itzuli. Ordu tartea ere asko nabaritzen da: ni jaikitzen naizenean han lanetik atera zarete, eta zuentzat erlaxatzeko garaia da”, azaldu digu. Edozertarako autoa erabili behar izatera ere ez da ohitzen: “ogia erosteko ere hartu beharra duzu, ez dut batere gustuko mendekotasun
hori”, dio.

Eskaintza lehia baino handiagoa

Leireren ustez, Los Angelesen Gasteizen izango ez zituzkeen aukerak sortu zaizkio. “Hemen eskaintza izugarria da; lehia handia dago, baina eskaintza beti da handiagoa. Gainera, irudiaren aroan gaude, eta denetarako behar dira argazkiak”. Izan ere, horixe da Kaliforniatik gehien gustatzen zaizkion gauzetako bat, haren lanari ematen dioten balioa. “Irudian inbertitzen dute. Gainera, diru hori oso ondo inbertitua dagoela uste dute. Hemen zure proiektuan lagunduko dizuten pertsona taldeak osatu ohi dituzte, profesionalen taldeak. Ez da ‘hau nire lagun batek egin lezake’ pentsatzen”, adierazi digu.

Leirek etxetzat jotzen du Los Angeles. Harentzat ideala “estudioa hemen edukitzea eta Gasteizera maizago bidaiatu ahal izatea” litzateke. Estatu Batuen eta Euskadiren arteko bizitza, Gasteizen ere proiektuak garatu ahal izateko. Esate baterako, ‘I want to believe’ erakusketa, oraindik Zuloa liburu-dendan ikus daitekeena, emakume migratzaileen bizipenei buruzkoa. Erakusketak emakumeen boterea estetika estralurtar baten bidez islatzen du, zeinak forman eta edukian zurztasun eta deserrotze sentipena nabarmentzen baitu, Baztarricak berak emakume migratzaile gisa izan duen esperientzia pertsonalaren metafora bat ia.

Los Angelesen hiru urte eman ondoren, Leirek argi du zein leku dituen gogokoen, eta horiek gomendatu dizkigu:

Walt Disney Concert Hall

“Frank Gehry arkitektoak diseinatutako eraikina da, Bilboko Guggenheim museoa diseinatu zuen berak. Los Angelesko Musika Zentroko laugarren kontzertu-aretoa da, eta Los Angelesko Orkestra Filarmonikoaren eta Abesbatza Nagusiaren egoitza”.

Santa Mónica

“Ondo zaindutako zonak ditut gustuko, Santa Monica, esaterako. Los Angeles, oro har, oso zikin dago, ez du zerikusirik filmetan agertzen denarekin; horregatik atsegin dut kostaldea”.

Vasquez Rocks

“Ni Santa Claritan bizi naiz, Los Angelesen iparraldean dagoen hiri batean. Han bada Vasquez Rocks izeneko parke bat, eta bertan film ugari egin dira. Haitz puntazorrotzez beterik dago, eta askotan joaten naiz argazkiak egitera”.