Gasteiz-Guayaquil Alejandra Bueno artista multimediaren eskutik

Alemania, Ingalaterra eta Frantzian bizi ostean, Alejandra Buenok bost urte daramatza irakasle lanetan Ekuadorren, Guayaquileko Arteen Unibertsitatean. Zein ote du hurrengo jomuga? Gasteiz

“Duela bost urte, Ekuadorren lanean zegoen lagun batek deitu zidan, esateko utzi egin behar zuela betetzen zuen irakasle plaza, eta nik ordezka nezala nahi zutela”, dio Alejandra Bueno gasteiztarrak. Alejandrak ez zuen bitan pentsatu, eta, nahiz eta mahai gainean Balira joateko beka zuen arren, Atlantikoaren bestaldera jotzea erabaki zuen. “Lan-aukera luzeagoaz en, eta gainera txakurra eramateko
aukera izango nuen”, azaldu digu barre artean.

Alabaina, Guayaquil ez du Gasteizko etxetik urrun bizi izan den lehen lekua. Lehen aldian ez zen oso urrunera joan, 60 kilometrora baino ez. “Arte ederrak ikasi nituen Bilbon. Karrera horrek adimena ireki zidan. Mila aukera eta bat gehiago aurkitzeko aukera eman zidan, eta horregatik nago gaur egun hain pozik”, dio. Ikus-entzunezkoen adarrera jo zuen: “ikus-iruditan imajinatzen nuen jendeak kontatzen zidan oro”.

Zenbait urte etxetik kanpo eman ostean, eta behin karrera amaituta, beka bila hasi zen, baita nora jo ere. “Egonaldi artistiko bat egin nuen Alemanian, zenbait hilabetez Frantzian bizi izan nintzen, eta Palermora jo nuen, performance bat egitera. Gustua hartu nion bizi-modu nomadari”, dio. Baina Alejandrak dio urtebetea nahikoa izaten duela leku jakin batekin nekatzeko. “Pena da, hasierako poza galduko banu
bezala, eta horrek beste leku bat bilatzera bultzatzen nau”.

Ekuadorren bost urte daramatza, “baina betiere hiriz aldatuz”. “Beti izan dut unibertsitateko irakaslea izateko ametsa. Karrera egin nuenetik daukat hori oso garbi. Asko gustatzen zait fakultateetako giroa”, dio artistak. Beraz, duela bost urte Guayaquileko Arteen Unibertsitatean plaza eskaini ziotenean, sentitu zuen ametsa bete zitzaiola. Gaur egun eskolak ematen ditu, Argazki-zuzendaritza, Bideo-arte eta Postprodukzio digitala ikasgaietan.

Eskolak ematea, aurrerago egiteko proiektuak sortzea, erakusketez gozatzea eta lagunekin biltzea… Horra zertan ematen dituen egunak. “Ekuadorren gehien gustatzen zaidana klima eta izadia dira. Leku magikoak ditu, ikusgarriak”, azaldu du. Alde negatiboa, berriz, “matxismoa. Oraindik asko falta da elkar maite eta errespetatzearen hezkuntzaren alorrean. Gai horrek benetan akituta nauka; agian horregatik ez dut hainbeste konektatu bertako jendearekin, unibertsitate-irakasleez kanpo”.

Artista gasteiztarrak diosku Ekuadorren kultura eliteentzako dela bakarrik. “Ez dago kulturaren kulturarik. Hemen, kulturak folklore esan nahi du, tradizionala, baina ez dago interes handirik arte-molde garaikideago batekiko”. Zorionez, hori ere “aldatzen ari da”. Duela zenbait urte sortu zen Arteen unibertsitatea; horri esker, kultur mugimendua gero eta zabalagoa da. Izan ere, Alejandrak Ekuador
osoan duen lekurik kuttunenetako bat da fakultate hau. Beste hauek bisitatzea bere gomendatzen digu.

Las Peñas auzoa

“Bertan bizi naiz. Guayaquileko auzo ospetsu eta adierazgarria da, historia luzekoa. Bertako etxeak koloretakoak dira, eta fatxada benetan ederrez hornituak. Artisten auzoa da; beraz, ezin izan dut leku hoberik hautatu izan”.

Arteen Unibertsitatea

“Leku ikusgarria da, orain arte sortu eta eragin duenagatik, eta oraintxe ere eragiten ari denagatik. Jardueraz lepo ohi da, beti da zer edo zer hor barruan. Unibertsitateak bere egin zuen hiriaren erdialdea, antzinako eraikinak hartu zituzten, eta hortxe sortu zuten fakultatea. Oraingo liburutegia, esaterako, bankua izan zen lehen. Itzela da hori, benetan itzela”.

Mompiche

“Kostaldeko herri bat da, oraindik erdi egina. Oso dut gustuko, dena oso berde delako, oso basatia. Hondartzarik badu, baina oihanetik ere bai. Zoragarria da”.

Ekuadorrek maiteminduta duen arren, hilabete gutxi barru berriro egingo ditu maletak, oraingoan Gasteizera itzultzeko. “Urte asko dira etxetik kanpo”. Dagoeneko ez dut hain urrun egon nahi. Orain oposaketak prestatu nahi ditut kanarietan irakasle izateko, eta irla haiek nire behin betirako etxe bihurtzeko”.

Alabaina, Gasteizekin lotura estua izango du aurrerantzean ere Alejandrak, bertan baitu bere proiektua: Fem Tour Truck Nazioarteko Bideo-arte Jaialdiaren zuzendaria da, era sortzaileetako duen Guerrilla Elkartearen laguntzarekin. Fem Tour Truck bideo-arte feministaren alorreko nazioarteko jaialdi bi urtean behineko eta ibiltaria da. Espazio publikoa berreskuratzeko ekimena da, hiri eta herrietako plazak, zeinetan performanceak eta lantegiak egiten diren, eta deialdi bakoitzean hautatutako bideoak proiektatzen. Bere ustean, “Artea pribatizatuta dago, kalera itzuli behar dugu, demokratizatu”.