Gasteiz-Berlin Ander Perrino kontrabaxu-jotzailearekin

Anderrek txikitatik jakin zuen haren etorkizuna musikarekin lotuta egongo zela. Horretarako ikasi zuen, eta borroka egin du kontrabaxua jotzetik bizitzea lortzeko, Berlinen; 13 urte baino gehiago darama bertan.

Duela 34 urte Gasteizen jaioa, Ander Perrino Alemanian bizi da egun, lehen kontrabaxua baita Berlingo Irratiaren Orkestran. Zazpi urterekin egin zituen lehenengo urratsak musikan, ikastetxeko eskolaz kanpoko jardueretan pianoa aukeratu zuenean. “Oso ondo moldatzen nintzen, baina hurrengo urtean saxofoia jarri zuten aukeran, eta maitemindu egin nintzen. Nire ikaskide guztiek erosi zuten instrumentua, baina nire gurasoek oso garestia zela zioten, eta pianoarekin jarraitu nuen”, azaldu digu.

Kontrabaxuak 12 urte zituela eman zion arreta, Gasteizko Jazzaldiari esker, eta Jesus Guridi musika kontserbatorioan sartzeko probak egitera animatu zen. “Oso zaharra nintzela esan zidaten, eta sartzeko zerrendan leku bategatik geratu nintzen kanpoan. Biziki haserretu nintzen, eta batzordera kexatzera joan nintzen. Garaiko “handikien” aurrean paratu nintzen — Paco Ibáñez, Lauzurica…— eta kontrabaxua nire patua zelako jo nahi nuela esan nien”, dakar gogora. “Hurrengo astean norbaitek baja eman bide zuen, deitu eta kontrabaxua ikasten hasi ahal izan bainuen”.

Hazi ahala, Anderrek gero eta argiago zuen musika izango zela bere etorkizuna. Musikako erdi mailako sei mailak hiru urtetan gainditu zituen, Batxilergoa egiten zuen bitartean. Hurrengo urtea kontrabaxuari eskaini zion oso-osorik, eta alemana ikasten hasi zen Hizkuntza Eskolan.

2006an, Reina Sofía goi-mailako musika eskolan onartu zuten, Rainer Zepperitz irakaslearen klasean, baina berak beti izan du buruan kanpora joateko ideia. “Nire irakasleek Berlinez hitz egiten zidaten beti, Filarmonikoaz eta bertan ari ziren kontrabaxu-jotzaileez; beraz, proba bat egin nuen Hanns Eisler musika unibertsitaterako, hautatu ninduten, eta goi mailako ikasketei ekin nien”, azaldu digu.

Lau urteko prestakuntzaren ondoren, praktikak egin zituen Berlingo Orkestra Filarmonikoan. “Burbuila baten antzekoa da, Filarmonikoaren barruan zaudenean kanpoan ez dagoela besterik ematen du. Azkenean ezin izan nintzen han geratu, eta horri esker beste orkestra batzuekin jo ahal izan dut.” Gaur egun lehen kontrabaxua da Berlingo Irratiaren Orkestran. “Alex irakasleak beti esaten zidan Alemaniako irrati baten orkestran lanpostu bat lortzea zela onena, asko kobratzen delako, eta lan gutxi egiten”, dio barrez.

Astea bitan banatuta du: “batetik entseguak ditugu irratian, eta bestetik, entseguak eta kontzertuak Philharmonie-n. Filarmonikoaren orkestra gonbidatuetako bat gara, beraz, haien plangintzara egokitu behar dugu. Zoro samarra da, baina dibertigarria, ez zarelako aspertzen. Aste guztiak ezberdinak dira“, kontatu digu.

Beste proiektu batzuk

Anderrek denbora libre nahikoa duela aitortu digu, baina ez du alferrik galtzen. Orkestrako lanaz gain, gasteiztarrak zenbait proiektu ditu eskuartean. Azkena mendeetan zehar Ameriketara joandako euskal migratzaileekin lotuta dago. Leonardo Padura idazle kubatarraren La transparencia del tiempo liburuak iradoki zion ideia. “Kubara joandako artzain katalan bat agertzen da bertan. Ameriketara joan ziren euskaldunekin lotutako zerbait sortzeko ideia eman zidan horrek. Lankide bati aipatu nion, Rodrigo Bauza biolin-jotzaile argentinarrari, eta dagoeneko sei pieza konposatu ditugu proiekturako”, kontatu digunez.

Orobat, disko bat grabatzen ari da disko-etxe espainiar batekin, eta ‘Bach Piazzola’ proiektuan hartzen du parte, zeinak Johann Sebastian Bach eta Astor Piazzolaren musika uztartzen baitu bandoneonaren bitartez. “Ez dugu bandoneonik, baina oboea, adar ingelesa, fagota eta kontrabaxua erabiltzen ditugu, hauspo bat balitz bezala erabiltzen badituzu soinua oso antzekoa baita.”

Ander Perrinoren ustez, Berlin bezalako hiri batean atzerritarra izatea “ederrena eta gogorrena da aldi berean”. Haren hitzetan, “alderdi batzuk, ekialdea esaterako, oso arrazistak dira, baina oso hiri kosmopolita ere bada, non guztiok baikara atzerritarrak“.

Atzera begiratu eta Berlinen 13 urte daramala aipatu du. Denbora horretan familia bat osatu du, lau urteko seme bat du, eta harekin ibiltzen da hiriko leku kuttunetan:

Alemaniako Kantzilertzaren eraikina

“Angela Merkelen lantokia da. Sarreran Txillidaren eskultura bat du, sei metro garai dena eta bi Alemania batuak irudikatzen dituena. Gainera, oso ibiltoki ederra dago ibaiaren ertzean, Brandenburgo atetik hurbil. Nire leku gogokoenetako bat da”.

Parkeak

“Berlin parkez eta berdegunez beteta dago. Bada bat Nordbahnhof geltokiaren ondoan, arrainen parkea, eta askotan joaten naiz hara semearekin. Oso leku maitea dut hirian”.

 Philharmonie

“Asteko unerik bereziena metrotik jaitsi eta Philharmonie-rainoko bidea egitea da. Oso iradokitzaile eta lasaigarria da. Harearantz doan gladiadore baten antzera sentitzen naiz, izugarri gustatzen zait”.