SAKONEAN“Europa Sortzailera aurkezten diren proiektuek banatze eta marketing estrategia onak eduki...

“Europa Sortzailera aurkezten diren proiektuek banatze eta marketing estrategia onak eduki behar dute”

Ainhoa Gonzalezekin hitz egin dugu, Europa Sortzaileko Desk MEDIA Euskadiko koordinatzailea

Europar Batasunak 1.462 milioi euro bideratu ditu Europa Sortzailea programara, zeinaren xede baita Europako ikus-entzunezkoen, kulturaren eta sormenaren sektoreak bultzatzea. Horretarako, laguntzak ematen dizkie hainbat arlotako –kultura, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, zinema eta musika, besteak beste – artista eta profesionalei. 

Europa Sortzailearen Espainiako bulegoak doako informazioa eta aholkularitza eskaintzen die Europa Sortzailea programa ezagutu edo bertan parte hartu nahi duten erakunde guztiei, eta, halaber, programa sustatu eta zabaldu egiten du, jardunaldi, mintegi, lantegi eta ikerketen bitartez. Hori guztia lortzeko, bost bulego ditu; bata Kultura azpiprogramarako, Madrilen, eta beste lau Media azpiprogramarako, Donostian, Madrilen, Bartzelonan eta Sevillan.

Go Gasteiz Kulturak Europa Sortzaileari eta, bereziki, MEDIA azpiprogramari buruz hitz egin du Ainhoa Gonzalezekin, Europako bulegoak Euskadin duen koordinatzailearekin.

Ainhoa González, Europako Bulegoaren Euskadiko koordinatzailea.

Europa Sortzailea Europar Batasunaren programa da, eta kultura- eta sormen-sektoreak bultzatzea du xede. 2014tik 2020ra 1.462 milioi euro bideratu dira proiektuak finantzatzera. Zeintzuk ziren amaitzear den aldi honen hasierako lehentasunak?

Euskadiko bulegoan, ikus-entzunezkoen sektorean jarri dugu arreta gehien, eta bertan hainbat lehentasun izan ditugu. Batetik, ikus-entzunezkoen arloko profesionalen trebetasunak eskuratzen eta hobetzen laguntzea, eta sareak garatzea. Bestetik, ikus-entzunezkoen operadoreen ahalmena handitzea –Europar Batasunean eta hortik kanpo zirkulatzeko ahalmena duten europar lanak garatzekoa– eta Europako zein nazioarteko koprodukzioa erraztea. Horretaz gain, enpresen arteko trukeak bultzatzea, nazioarteko eta Europar Batasuneko merkatuan sartzea erraztuz. 

Nazioz haraindiko zirkulazioa bultzatzeari dagokionez, hauek izan dira lehentasunak: filmen banaketari laguntzea, marketinaren, marka-estrategiaren, eta ikus-entzunezkoen banaketa eta erakusketaren bitartez, entzuleen prestakuntzari laguntzea, eta banaketa-modu berriak bultzatzea negozio-eredu berriak bideratzeko.

Zenbateraino berrazter daitezke hasierako helburuak? Ba al da ezusteko egoerengatik, aurtengo egoeragatik esaterako, hainbat ildo aldatu edo sendotzeko aukerarik?

Helburu zehatz batzuekin hasi zen programa, baina 7 urterako zela kontuan hartuta, beti izaten dira aldaketak sektorean, eta horregatik argitaratzen dira deialdi berriak. Esaterako, ikusleen prestakuntza/hezkuntza lehentasuneko helburuetako bat izan da aldi honetan, baina merkatuaren beharretara egokituz joan da 7 urte hauetan zehar. 

Halaber, pandemia dela eta, luzatu egin dira hainbat deialditako epeak, eta Europa Cinemas-ek 5 milioi euroko laguntza osagarria izango du. Laguntza hori 2021ean kudeatuko da, baina dagoeneko aurreratu dira 2019ko ordainketa eta 2021eko lehen seihilekokoa. Laguntza hauek erabateko garrantzia dute kaltetuenetakoa den sektore batentzat: erakusketen sektorearentzat.

Bajo Ulloa Europa Sortzailea Euskadiren bulegoan./Europa Sortzailea

2021ean Europa Sortzailearen etapa berri bat hasiko da, eta 2027ra arte iraungo du. Zein arlok izango dute lehentasuna?

1.640 milioi euroko aurrekontua proposatu da 2021-2027 aldirako, baina Europako Parlamentuak berretsi behar du. Apirilean berretsi behar zuen, baina pandemiak ezinezko egin du. Aurrekontu hori onetsi arte ezin dira gidalerroak argitaratu. Gainera, programa ezingo da abiatu aurreikusitako garaian, urtarrilaren 1ean. Martxoan izan beharko du, eta deialdiak otsailera atzeratu.

Zaila izaten da kultur- eta sorkuntza-proiektuen eragina ebaluatzea, ukiezin ugari izaten baititu. Europa Sortzaileak nola lagun diezaieke erakundeei arazo horri aurre egiten?

Europa Sortzaileak informazio- eta aholkularitza-bulegoen sarea du Europa osoan, eta sare horretako kide da Euskadiko bulegoa. Profesionalek bertan dute lekurik egokiena  laguntza-deialdiei buruzko informazioa jasotzeko, eta bere proiektuak Bruselan aurkezteko aholkuak jasotzeko. Bertan jakin ahalko dute MEDIAk babestutako zein prestakuntza lantegitan parte hartu ahal duten, eta proiektua zein jaialdi eta merkatutan mugitu. Halaber, Europan bazkideak bilatzeko informazio- eta konexio- zerbitzua ere eskaintzen dugu. Bruselan programaz arduratzen diren teknikariekin harreman zuzena dugu, bai Europako Batzordean bai EACEA agentzia exekutiboan, eta horixe da gure balio erantsia.

Bulegoetan eskuratutako informazioaren laguntzaz ohiko akatsak saihets ditzakete, eta kanpo-ikuspen baliotsua izan. Azken aholku hauetaz gain, jardunaldiak antolatzen ditugu hainbat arlotako deialdi eta prestakuntza lantegiei buruzko informazioa emateko: gidoiak idaztea, proiektuak garatzea, nazioarteko koprodukzioak, marketina, salmenta-agenteak edo dosierrak. Horiek guztiek eskabideak hobetzen eta indartzen laguntzea dute xede.

Donostiako Zinemaldiko Industry Clubek MEDIAren laguntza jaso du./Europa Sortzailea

2014-2020 aldiari gagozkiolarik, zein balorazio egiten da euskal erakundeek Europa Sortzailean duten parte-hartzeaz? Zein proiektu esanguratsu gauzatu ahal izan da Europa Sortzaileari esker?

Bilakaera oso positiboa izan da, ikaragarri hazi gara. Euskal profesionalak nazioartekotzen ari dira, eta horrek deialdi gehiagotara aurkezten laguntzen du. Gero eta enpresa gehiago dira nazioarteko merkatuetan, eta hori, neurri handi batean, Basque Audiovisualek egindako lanari zor zaio. Kontuan izan behar da Europa Sortzailea beste maila batekoa dela, Europako guztiak izan daitezke partaide, eta hori dela eta proiektuek oso ondo egituratuta egon behar dute, eta banaketa- eta marketin-estrategia onak izan. 

MEDIA azpiprogramari dagokionez, profesional hauek jaso dute laguntza azken aldian: Donostiako jaialdiko Industry Club, Golem, Sade zinema-aretoak, Florida zinema-aretoak, Bilboko Multis, Zineuskadiko zinema-aretoen sare txikia, Delirium Studios, Euskadi Film AIE, Basque Films, Kanaki Films, Kowalski Films, Uniko, Abra producciones, Moriarti Films eta Sayaka Films, besteak beste. 2014tik hona, Euskadin 6 milioi eurotik gorako laguntza jaso dugu, guztira, Europa Sortzailetik.

Kultur- eta sorkuntza-sektorea oso anitza da. Forma eta tamaina askotako erakundeak daude bertan. Zein profil dute Europa Sortzailea programan gehien parte hartzen duten enpresek?

Euskadiko bulegoan MEDIA azpiprograma lantzen dugu gehien bat, eta bertan ikus-entzunezkoak —fikzioa, animazioa nahiz dokumentalak—  giten dituzten ekoiztetxeek parte hartzen dute gehien. Baita banatzaile eta erakusleek ere. Jaialdietan ez dugu laguntzarik jasotzen, Europak programazioaren %70a europarra izatea eskatzen baitu, eta gu ez gara maila horietara iristen. Kulturaren arloan, antzerki konpainiak nabarmentzen dira.

Jorge Gil eta Ander Iriarte, Mirokutana ekoiztetxekoak./Europa Sortzailea

Kudeaketa-gaitasun handia izan behar da Europako proiektu baten kide izateko (are gehiago lider izateko). Ba al da konponbiderik horrelakorik ez duten erakundeentzat ?

Hasieratik definitu behar dira profesional bakoitzak dituen rolak. Gidoilariak, zuzendariak, ekoizleak, ekoizle exekutiboak, inbertsiogileak…. bakoitzak bere funtzioa izan behar du. Enpresa txikiek oso zail dute nazioartera iritsi nahi duten proiektuak egitea, eta askotan ez dugu nahikoa langilerik. Horrelako proiektuetan murgiltzeko gogoak gainditu egiten ditu benetan dauden aukerak. MEDIA azpiprogramaren kasuan, kontuan izan behar da aurrerapauso bat ematea eta proiektuak eta enpresak nazioartekotzea dakarrela. Ibilbide profesional luzeko profesionalekin lehiatuko gara; beraz, lantaldeak oso indartsua eta sendoa izan behar du, eta ingelesa jakin. Agian azken honek huskeria dirudi, baina oso garrantzitsua da. 

Proiektuen justifikazioak asko zailtzen al du Europako programa batean parte hartzea?

Ez dut uste justifikazioa denik proiektua aurkezteko arazorik zailenetakoa, MEDIA azpiprogramari dagokionez, behintzat. Gastuak justifikatzeko epeak hartu behar dira kontuan. Garapenean, esaterako, MEDIArekin kontratua izenpetzen denetik 8 hilabetera has daiteke errodatzen, ez lehenago, eta emaitzak atzeratzen badira, arazoa sor daiteke. Gainerakoan, arlo honetan laguntza guztiek oso antzeko eskakizunak dituztela uste dut.

Erakunde publikoak izan al daitezke Europa Sortzaileko kide, eta proiektuen lidergoa izan? Ba al dago horrela ari den Euskadiko erakunde publikorik?

Jakina. Batez ere hainbat lurraldetako kideak izatea eskatzen duten kultura-deialdietan. Donostia Kulturak, adibidez, lankidetza-laguntza lortu zuen “Other Words” proiektuarekin. MEDIA enpresa pribatuei zuzentzen zaie gehiago.

Espainia-Frantzia koprodukzio topaketa. /Europa Sortzailea

Erakundeek beste iturri batzuetako finantziazioa izan behar dute Europako proiektu batean parte hartu ahal izateko eta, maiz, tokiko administrazioen laguntza ere bai. Zenbateko garrantzia du horrek proiektu bat onartzeko?   

Europa Sortzaileak finantzaketa-laguntza ematen du, aurretik dagoenaren laguntza gehigarria da. Berebiziko garrantzia du eskabidearekin batera aurkezten den aurrekontuak beste laguntza batzuk ere izatea -lurraldekoak, estatukoak, telebista kateetakoak…– , proiektu sendoa dela eta aldez aurretik ere balioetsi dutela erakusten baitu. Gainera, MEDIAren kasuan, koprodukzioa nahitaezkoa izan ez arren, mugikortasuna du helburu nagusienetakoa, nazioz haraindiko lankidetza, Europako profesionalekin lankidetzan aritzea koprodukzioaren bitartez. Halaber, garrantzitsua da koprodukzioa ez izatea finantzarioa bakarrik; hau da, proiektuak nazioarteko taldea izatea, adituen taldeak askoz hobeto baloratuko du eta. Koprodukzioak aukera emango die lankidetzan aritzen diren gainerako lurraldeetako finantza-laguntzak eskuratzeko, eta horretaz gain, filma errazago zabaltzeko koproduktoreen lurraldeetan.  

Europa mailan, zein lurraldek parte hartzen dute gehien Europa Sortzailean?

Programako kide diren lurralde guztiek parte hartzen dute, sektoreko enpresen arabera. Deialdi batzuetan lurralde handiek bakarrik har dezakete parte, esaterako Slate Funding-en, honek enpresa ertainak eta handiak izatea eskatzen baitu hainbat proiekturi aurre egiteko. Baina, aldiz, lurralde txikiago batzuek kultur proiektu interesgarriagoak garatzen dituzten enpresa eta erakundeak dituzte. Lurralde handien artetik, Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak jasotzen dute laguntza gehien; ekoizpen-ahalmen ertain eta txikiko lurraldeen artetik, berriz, Belgikak, Danimarkak, Suediak eta Holandak. 

Kulturaren eta sorkuntzaren sektoreak Europa Sortzailean parte har dezake, baina baita EBk hezkuntzaren, enpresa txiki eta ertainen garapenaren eta berrikuntza-proiektuetarako arretaren arloei laguntzeko bultzatzen dituen beste programa batzuetan ere. Zure ustez, zein beste programa dira bereziki interesgarriak sektorearentzat?

Europa Sortzailean ez ezik, Europak finantzaketa-aukera zabala du kultur- eta sorkuntza-industrientzat. Hainbat programa ditugu, esaterako: Ibermedia, Latinoamerikarekiko produkzioetarako; Eurimages, Europako koprodukzioetarako; Erasmus +, hezkuntza-, prestakuntza-, gazteria- eta kirol-proiektuetarako; Horizon 2020, enpresa teknologikoetarako.  

 

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar