LEKUAKDiseinuko etxe-aldaketa bat

Diseinuko etxe-aldaketa bat

I·D arte Euskadiko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak hiruhileko bat beteko du Betoñuko komentu zaharrean duen kokaleku berrian. Estibaliz Iregi eta Maider Zenikazelaia ikastetxeko zuzendari eta zuzendariordearekin hitz egin dugu 2019-2020 ikasturtearen hasiera honi buruz

Maider Zenikazelaia eta Estibaliz Iregi I·D arte egoitza berriaren ateetan / Yone Estibariz

Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskola bisitatu dugu lehen hiruhilekoa amaitu baino bi egun lehenago, eta hiru hilabete eskas igaro direnean, matrikulatutako 339 ikasleek berritasunez blai datorren estreineko ikasturte berria hasi zutenetik. Aipagarrienen artean, Eskolaren egoitza aldaketa bera da, izan ere Zaramaga auzoan izan zuen kokalekutik Betoñuko komentu zaharrera aldatu da, hamar urtez itxita egon ondoren ateak berriro ireki dituelarik. Gainera, ikasturteari hasiera emateko, Animazioko goi-mailako heziketa-ziklo berri bat jarri da martxan, ikastetxeak eskaintzen duen ikasketa aukera nabarmen zabalduz. 

I·D arte Araubide Bereziko Irakaskuntza eskola bat da: “Ez gara ez unibertsitate bat ez LHko ikastetxe bat, baina ematen ditugun zikloek Goi Mailako Heziketa Ziklo baten maila akademiko bera dute, eta diseinuko goi mailako ikasketek unibertsitateko graduatu baten maila akademiko bera dute. Goi Eskolen eredu frantses batetik eta unibertsitate eredutik gatoz. Espainiako unibertsitateak ikerketari eskainitako proiekzioa du, baina Europan badira beste unibertsitate-eredu batzuk proiekzio hori ez dutenak eta hau hemen ez da existitzen. Goi Mailako Eskolak gaude, baliokidea izango ginateke, baina errekonozimendu handiagoa falta zaigu “, diote. Euskadin badira goi-mailako beste bi eskola, Musikene eta Dantzerti, arte-irakaskuntzei lotuak: “Urte berri honen hasieran, gure erronketako bat da biltzea eta koordinatzea, lankidetzak eta topaketak bilatzea, elkarri laguntzea, eta gizarte mailan gure ikasleen profilak behar hainako onespena izateko lan egitea”.

Errekonozimendu bilaketa horren aurrean, duela urte batzuk Eskolak abian jarri zuen beste ekintzetako bat I·D arte (“Ideiak, Diseinua eta Artea”) marka sortzea izan zen, ikastetxeari nortasuna emateko eta haren errekonozimendu eta ikusgarritasun handiagoa lortzen laguntzeko asmoarekin jaio zena: “Eskolako ikasle ohi talde batek osatutako Eibarko estudio batek diseinatu zuen. Orain horietako bat ikastetxean irakaslea da, eta markaren garapen grafikoa tutorizatzen ari da, ikasle batzuekin batera”.

Betoñura lekualdatzea

2018ko urrian jakin zen eskola Betoñuko komentu zaharrera aldatu zela, eta, ordutik, ikastetxeko zuzendaritza-taldeak erlojupeko lan bat hasi zuen, ikasturte berria baldintza egokietan hasi ahal izateko: “Iazko martxoan bisitatu genuen lehen aldiz ikastetxearen barrualdea, obra-teknikari batekin eta egokitzapen-azterketa egin zuen arkitektoarekin. Maiatzean fisikoki eman zizkiguten giltzak. Eta handik aurrera ordu asko eman genituen inbentarioak egiten, beharrak, ekipamendua eta eraman behar genituen altzariak ikusten, baztertzen eta beste zentro batzuetara pasatzen, erosketa berriak egiten, Zaramaga husteko prestatzen… “, gogoratzen du Zenikazelaiak.

Betoñoko komentu zaharraren kanpoko bistak / Yone Estibariz

Eskolak, gaur egun, ia 10.000 metro karratuko eraikin baten lehen bi solairuak hartzen ditu. Eraikin hori 2007an Roberto Ercilla eta Miguel Ángel Campo arkitektoek birgaitu zuten. Beheko solairuan egurrarekin lan egiteko tailerrak, maketen eraikuntza, serigrafia eta grabatua, beste hainbat gela, irakasleentzako guneak, argazki plato bat, erakusketa gune bat eta lanerako bi espazio garbi daude, klaustroa tarteko. Lehen solairuan liburutegia, bideoa eta argazkia editatzeko gela bat, marrazketa gela bat eta eliza zaharrean dagoen ekitaldi aretoa daude. “Orain espazio mugikorrak eta erabilera anitzekoak ditugu, xedapenak aldatzeko aukera ematen dutenak eta harremanak izateko modu berriak ere sustatzen dituztenak. Erabilerari dagokionez, interesgarria da ikustea nola ikasleak elkarrekin topo egiteko tarteak bilatzen ari diren. Horrek espero ez genuen harreman espazio berriak sortzen ari ditu. Arlo teknikoan berrikuntzak sartzeak, esaterako, irakasleek ordenagailu portatilak erabiltzeak edo Wifi sistema sartzeak ere, aukera ematen digu gure eredu pedagogikoan planteamendu berriak egiteko “.

Orain arte egin behar izan diren esku-hartzeak minimoak izan dira “eraikina urte askoan itxita egon den arren, baldintza onetan dago, baina egia da instalazioak ez zirela erabili eta egunero beharrak sortuz doazela”. Abiatze horretan lehentasunak internet eta instalazio elektrikoari lotutakoak izan dira, eta erabilera baterako pentsatuta zeuden eta orain beste bat izango duten ikasgela jakin batzuk egokitzea: “Lantegien gunean ateak jarri ditugu lan eremu garbiak eta zikinak mugatzeko, baita zarata isolatzeko ere, eta aldatu egin dugu patio batean zegoen estalki opaku bat ikasgeletako batek argi gehiago izan dezan. Etorkizunean leiho batzuk aldatzeko asmoa dugu espazio jakin batzuetan argi gehiago sartzeko. Baina hau 2020tik aurrera izango da, aurrekontu berriarekin. Ekonomikoki ezin dugu jasan egin nahiko genukeen guztia, ez behintzat dena bat-batean eginda”, azaldu dute. 

Irakaskuntza-eredu berri baterako erronkak

Eredu pedagogiko berri baterantz ibiltzeko gako garrantzitsuenetako bi lankidetza eta nazioartekotzea direla adierazi dute. Lehenengoari buruz, eta adibide gisa, honako hau azaldu dute: “Maiatzean, Holandako diseinu-eskola bateko 40 ikasle etorriko dira, eta hauei eta gure ikasleei erronka bateratua botako diegu, barnealdeko diseinuari lotua. Barne mailako beste adibide bat jartzearren, elkarlaneko proiektu pilotua dugu, barne-diseinuko eta visual merchandising-go diseinu grafikoko espezialitateen artean, oso ondo funtzionatzen ari den talde misto eta zeharkakoa berau. Horrelako ikaskuntza-formatuetarantz goaz” azaldu du Iregik.

  Diseinu grafikoko eta barne-diseinuko graduko ikasleen talde mistoa / Yone Estibariz

Nazioartekotzeaz Zenikazelaiak zera dio: “Erasmus programarekin esponentzialki hazi gara, azken hiru urteetako mugikortasun kopurua ia hirukoiztuz, Europatik kanpoko herrialde berriekin akordioak lortuz. Horra jo nahi dugu. Horrek ikasleen aniztasuna dakar, beste hizkuntza batzuen erabilera eta ezagutza, beste egiteko modu batzuk, beste kultura batzuk…”.

Beste erronketako bat irakasleen profilarekin zerikusia duena da: “Estatu osoko diseinu-eskola askotan ematen den gaia da hau; izan ere, aurrera asko egin duten gaiak dira diseinuarenak, eta orain gauden irakasle asko beste eremu batzuetatik gatoz. Orain diseinatzaileen profilak sortzen ari dira, eta horrek egokitzapen-prozesu bat eskatzen du, denbora behar duena. Hezkuntza Sailarekin batera landuko dugun beste gai bat eskolak ematera etor daitezkeen profesionalak sartzea da”, azaldu dute. Irakasleen txandakatze handiagatik arazo larria dutela gaineratu dute: “Finkoak plantilaren %20a gara, gainerakoak bitarteko langileak dira, eta horrek zentzu askotan eragiten dio irakasle-lanari”, dio Iregik.

Estibaliz Iregi eta Maider Zenikazelaia, I·D arte ikastetxeko zuzendari eta zuzendariordea / Yone Estibari

Elkarrizketaren ondorio argi bat, zuzendaritza-taldeak XXI. mendeko eskola baterantz ibiltzeko duen borondatea da: “Orain, hori ahalbidetzen digun eraikin bat dugu, eta lehen ez genituen bitarteko batzuk; irakaskuntza metodologia honen guztiaren eskutik joatea baino ez da falta. Eskolak emateko metodologien eta moduen aldaketa modu naturalean gertatzen ari dela argi dago, eta espazioak berak gure irakaskuntzak nola planteatzen ditugun birpentsatzeko aukera eman digu, zeharkakotasuna eta espezializazio teknikoa uztartu nahian”, azaldu dute. Horrek aukera ematen du, halaber, ikasgela bakoitzeko ikasleen ratio txikia izateko; zikloen kasuan 15 ikasle daude, eta diseinu-ikasketetan 20 ikasle talde bakoitzeko. Horrek erraztu egiten du elkarlana eta proiektuen araberako lana.

I·D arte-k jorratzen duen beste alderdi garrantzitsu bat enpresa munduarekiko harremana eta ikuspegi profesionala da: “Gure ikasleen laneratzeari buruzko azterketa fase betean gaude. Zein hutsune eta nitxo dauden betetzeke. Diseinu grafikoko ikasketen kasuan, talentuaren ihesa dagoela atzeman daiteke, batez ere Bartzelona bezalako hiri handietara; barne-diseinuaren kasuan, ikasle asko praktikak egin dituzten lekuetan geratzen dira, edo praktiken bidez beste enpresa batzuetan amaitzen dute. Euskadin, diseinua askoz industrialagoa da, baina industria horren barruan, gure ustez, beharrezkoa da diseinatzailearen profila sartzen joatea. Diseinuaren kontratazioa bultzatu behar da, irizpide aegiak erabilita, komunikatzeko gaitasunarekin… Hemen geratzen diren gure ikasleetako asko diseinuarekin zerikusirik ez duten baina komunikazio edo diseinu sail bat duten enpresetan ari dira lanean”.

Erakusketa gunea / Yone Estibariz

Eskolak lankidetza akordioak ditu Ikea, Bizkaiko eta Gipuzkoako Dekoratzaileen Elkargoa, Tuvisa, Gasteizko Udala edo Merkataritza Ganbera bezalako enpresa eta erakundeekin, “Akordio horiei forma juridiko bat emateko modua bilatzen ari gara, formula ohikoagoak izan daitezen. Izate esperimentala duten proiektuetara bideratu nahi ditugu, agentzia bati agian egiten utziko ez lioketen gauzak garatzeko aukera emango digutenetara, jakitun izanik ikasleek garatutako proiektuak direla, agian ateratzen ez direnak, baina benetako egoerei aurre egiten dietenak “, azaldu du Iregik. Aurrera eramaten duten beste ekimenetako bat I·D aste da. Aste horretan diseinuaren arloari lotutako hitzaldiak eta tailerrak antolatzen dituzte, zeharkakoak eta curriculumari nahiz lan-munduari lotutakoak.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar